Eratostenes (antzinako grezieraz: Ἐρατοσθένης; K.a. 276 inguru - K.a. 195 inguru) matematikari, geografo, kirolari, poeta eta astronomo greziarra izan zen. Alexandriako Liburutegia famatuaren zuzendari izendatu zuten eta aurkikuntza ugari egin zituen, hala nola, latitude eta longitude sistema. Eratostenes ezaguna da Lurraren zirkunferentzia kalkulatzen lehen greziarra izan zelako, eta zehaztasun harrigarriz kalkulatu zuen.
Aspalditik ezagutzen zen eguzkiaren ibilera ortzian desberdina dela urtearen aro batetik bestera. Udan punturik altuena hartzen du eguzkiak eta neguan punturik baxuena, udako solstizioa (ekainak 21) eta neguko solstizioa (abenduak 21) data garrantzitsuak ziren garai bateko gizakiarentzat eta aintzinatik ospatzen ziren.
Eguzkiaren ibilera ortzian dela eta, dakigunez, objektuek sortzen duten itzalaren neurria oso desberdina da urteko aroaren arabera. Itzalik laburrena udako solstizioan ematen da eguerdiko eguzkia gorengoko puntuan dagoelako, eta itzalik luzeena neguko solstizioan eguerdiko eguzkia behe-behean dagoelako.
Alexandriako Liburutegian zegoela, Siena hiriari (gaur egun Aswan) buruzko behaketa-txosten bat aurkitu zuen Eratostenesek, non esaten baitzen udako solstizioaren eguneko eguerdian objektuek (obeliskoek adibidez) ez zutela itzalik sortzen eta putzuen hondoan eguzkiaren argia ikus zitekeela. Izan ere, Siena hiria Alexandriatik 843 kilometro hegoaldera kokatua, Kantzer Tropikoaren lerroaren gainean dago (egia esan, tropikotik oso hurbil dago) eta eguzkiaren izpiek lurrarekiko elkarzut jotzen dute Kantzer Tropikoan udako solstizioan.
Bestalde, udako solstizioaren egunean (ekainaren 21ean) Alexandrian objektuek itzala ematen zuten, urteko itzalik txikiena baina neurtzeko modukoa. Eratostenesek udako solstizioaren egunaren eguerdian sortzen zen itzalaren neurria hartu zuen eguzkiaren izpien angelua kalkulatu ahal izateko, 7º 12' gutxi gorabehera. Eratostenesek neurtu zuen 7º 12' angelua graduetan emanik 7º+(12/60)º = 7,2º dira.
Eratostenesek uste zuen Lurra esferikoa zela eta itzalen desberdintasun horretan erreparatuz frogatu zuen Lurra ezin zitekeela izan laua. Baina, α=7,2º angeluarekin batera, Alexandria eta Siena arteko D distantzia behar zuen Eratostenesek planetaren dimentsioak zehazteko.
Ez dago oso argi nola lortu zuen Eratostenesek hiri bien arteko distantzia, baina 5.000 estadio (1 estadio = 184 m) atera zitzaion; seguruenik salerosketan ibilitako merkatariek emandako informazioari esker estimatu zuen distantzia hori Eratostenesek.
Datu hauekin, eta suposatuz lurra guztiz esferikoa dela ondoko emaitzak lortzen dira:
Lurraren zirkunferentzia = 5.000·(360/7,2) = 250.000 estadio = 250.000·(184/1.000) = 46.000 Km
Lurraren erradioa = 46.000/(2·3,14) = 7.325 Km
Gaur egun dakigu Lurraren erradioa 6.370 Km-koa dela eta esan daiteke Eratostenek kalkulatutako 7.325 Km-ko erradioa zehaztasun handiko lorpena izan zela, errorea %15ekoa delako. Emaitza harrigarria kontutan izanik bere tresna bakarrak makilak, sokak, pisuak eta oinarrizko matematika izan zirela, ahaztu gabe neurketa horiek duela 2.200 urte inguru egin zituela.
Amaitzeko, hona hemen Carl Sagan astronomoaren azalpenak non adierazten digun Lurraren azala ezin daitekeela izan laua: